XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Kode Penala ez da konponbidea

Indarrean dagoen Kode Penaleko arrazoi-azalpenak printzipio deklarazio gisa dio erreformaren asmoa dela aurrera egitea gizonen eta emakumeen artean berdintasun egiazko eta eraginkorra lortzeko bidean, Espainiako Konstituzioak botere publikoei ezartzen dien eginkizuna betetze aldera.

Honi gagozkiola, honako galdera hauek egin behar dira: Kode Penala tresna egokia al da? Erreformak betetzen al du emakumeek jasaten dituzten eta beraien aurkako indarkerian gauzatzen diren diskriminazio egoerak zaintzeko helburua?

Lehenik eta behin, azaldu behar da Kode Penala errepresio tresna bat baino ez dela, eta Estatuaren zigor-ahalmenaren adierazpidea.

Ordenamendu penalaren xedea da jarrera jakin batzuk zigortzea nolabaiteko prebentzio asmoarekin, zeina zigorraren mehatxuaz bideratzen baita.

Baina Kode Penalak inola ere ez du planteatzen, ez baita bere helburua, prebentzio neurriak hartzea zigortzen diren portaerak ez gertatzeko.

Era berean, ez da Kode Penalaren helburua biktimaren interes kaltetua berdintzea, zigor bat ezartzea besterik ez baitu bilatzen.

Horregatik, Kode Penalaren hutsegite handia da benetan ez berdintzea eraso baten biktima izandako emakumezkoak jasandako kaltea; are gehiago, emakumeak zigorraren ondorio zuzenak jasaten ditu, errua egotzi zaionari isun zigorra ezartzen bazaio, isuna, gehienetan, irabazpidezko ondasunen kontura ordaintzen delako.

Hala, biktima erabat ez babesteaz gain, zeharka zigortzen da.

Hortaz, beharrezkoa da zigortze sistema berriz aztertzea, bidegabekeria hori saihesteko.

Gainera, aipatu behar da emakumeen aurkako indarkeriazko jokabideetarako aurreikusitako zigorrak, gehienetan, isun hutsak izaten direla, eta, alde batetik, ez dakartela inolako zigor gogorrik, eta, bestetik, ez dutela betetzen lehen aipatutako helburua, hau da, hertsatzea eta aurrea hartzea.

Emakumearen aurkako indarkeriaren konponbidea ez da Kode Penala, baizik erakunde eskudunek hezkuntzan, gizarte arloan eta abarretan neurriak hartzea, gizartearen benetako kultur aldaketa bultzatzeko.

Beste hutsune bat da Kode Penalean ez dagoela aurreikusita indarkeria psikikoa, nahiz eta gizarteak onartua duen haren existentzia, hala nola biktima den emakumearengan dituen ondorioak, zeinak askotan eraso fisikoa baino larriagoak izaten baitira.

Egia da sar litekeela beste figura penal batzuetan, integritate moralaren aurkako delituan esate baterako, baina zaila da frogatzea bai egintza zehatza bai biktimarengan izan dituen ondorioak.

Era berean, ezin da ontzat jo askatasun sexualaren aurkako delituen arauketa, indargabetutakoa baino konplexuagoa delako, eta aplikatzean nabarmen geldituko delako tipifikatutako portaerei dagozkien zigorren proportzionaltasun falta.

Arautze berriak berrikuntza batzuk ekarri ditu, jazarpen sexuala delitutzat hartzea esate baterako, baina zehaztugabeegia da eta, ziur aski, oso gutxi aplikatuko da.

Gainera, oro har, ahaztu egin zaio jasotzen dituen kontzeptuak edukiz betetzea, eta horrek interpretazio arazoak ekarriko ditu, bai eta, praktikan, epai kontraesankorrak ematea ere.

Azkenik, gure ustez garrantzitsuena den gaia aipatu behar da: agindu penalen aplikazio praktikoa.

Gaur egun, kritikak egiten zaizkio aplikazio horri, kasu hauetan, gertatutakoak egiaztatzea zaila baita, gogoan izan behar delako gizartea oraindik ez dela behar beste aldatu epai askoren edukia, kontu ez-juridiko batzuengatik, emakume biktimen aurkakoa izan ez dadin; izan ere, kontu horiek agerian uzten dute emakumeak oraindik ere bigarren mailako herritartzat hartzen direla.